KOMUNITATEA, TOPAKETA ETA SORKUNTZA
Erriberriko Antzerki Jaialdia ez da jaialdi soil bat, etengabe aldatzen ari den lurralde bat da. Ideiak, hitzak eta ekintzak nahasten diren lekua, orainaldi askeago, kritikoago eta gizatiarrago bat eraikitzeko. Mugak apurtu, belaunaldiak lotu eta arte eszenikoak ulertzeko eta bizitzeko modu desberdinen arteko elkarrizketak sortzen dituen espazioa.Edizio honetan, Erriberrik bere jaialdiaren 25 urte ospatuko ditu. 25 urte, antzerkia, dantza, musika, zirkua bultzatzen. Partekatutako malkoz, ezustezkoz eta barrez betetako 25 urte. 25 urte, batzen, hunkitzen eta urtero bizitza ospatzeko elkartzen gaituen zerbaitez gozatzen.
Hemen, Antzerkigintza zabaldu, berrasmatu eta zalantzan jartzen da. Hemen, ahots emergenteek ibilbide sendoekin egiten dute topo, tokikoa globalarekin gurutzatzen da eta istorio pertsonalak unibertsalak bihurtzen dira.
Urtero, irudimenaren mugak arakatu eta harago begiratzera ausartu nahi duten artista, publiko eta sortzaileen topaleku bihurtzen da Erriberri. Jaialdi horren arabera, artea ez da antzezpena bakarrik, elkarrizketa, trukea eta esperientzia partekatua ere bada.
Aurtengo edizioan, ahots, estilo eta ikuspegi aniztasun hori ospatu nahi dugu. Diziplinen mestizajea, bitartekaritza eta topaketa besarkatu nahi ditugu, askotan isolatzen gaituen munduari aurre egiteko modu gisa.
Antzerkia gure komunitatea birpentsatzeko eta gure oraina berrasmatzeko lekua dela uste dugulako. Izan ere, badakigu arte eszenikoek mundua islatzeaz gain, eraldatu ere egiten dutela.
Gaur, inoiz baino gehiago, jaialdia da zerumuga elkarrekin begiratzeko eta munduan egoteko eta izateko modu berriak eraikitzeko babesleku hori.
Ongi etorri Erriberriko Antzerki Jaialdira. Ongi etorri sorkuntzara, topaketara, komunitatera.
Ane Pikaza & María Goiricelaya
Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistikoak .
ERRIBERRI, ARTE ESZENIKOEN JAIALDIA
Erriberriko Antzerki Jaialdia 2025ean ere, hemen da, Ane Pikaza eta María Goiricelaya zuzendari artistikoen proiektua sendotzeko helburua duen edizioa. Gure komunitatea eta arte eszenikoen sektorearen inguruko kultura eremua aberasten duen ezinbesteko hitzordua izanen da.
Iaz jaialdi honen 25. urteurrena ospatu genuen, eta aurrerantzean ere edizio gehiago espero ditugu, elkartzeko, sortzeko eta elkarrizketarako topaleku gisa.
Uztailaren 18tik abuztuaren 3ra bitartean, gure komunitatea antzerkia, musika, dantza edota zirkoa beren bizitzaren parte sentitzen duten ororentzat topaleku ezin hobea izango da; sorkuntzatik, produkziotik edo interpretaziotik eta baita besaulki patiotik ere.
2025eko Erriberriko Jaialdiak diziplina anitzeko programazioa eskainiko du: musika, dantza, zirkua, clowna, performancea, ibilaldi eszenikoak eta antzerkia. Argentinatik, Frantziatik, Andaluziatik, Gaztela eta Leondik, Madriletik eta Euskaditik etorritako konpainiek Nafarroako sortzaileekin taula partekatuko dute.
Programa hau era askotako adierazpen eta jardueren arteko harremanen erreferente gisa finkatzea nahi dugu, jaialdi berean tailerrak, egonaldi artistikoak eta publikoaren eta sortzaileen arteko topaketak batuz.
Erriberriko ANtzerki Jaialdiaren helburua argia da: nazioarteko, estatuko eta tokiko proposamen eszeniko berritzaileenei bide ematea. Garai hau entzuten dakiten ekoizpenak, baina era berean, etorkizun eszenikoari begiratzen diotenak. Eta batez ere, tradizioa eta garaikidetasuna modu ausart eta bizi batean uztartzen dituzten lanak partekatzea.
Jaialdiak bere mugez harago begiratzen du, eta bere lurralde-proiekzioa sendotzen jarraitzen du. Erriberriz gain, Pitillas, San Martin Unx, Tafalla eta Beire izango dira arte eszenikoen aterpe. Kalitatezko programazioak, nazioarteko eta bertako sortzaileen arteko elkargune bihurtuta, Nafarroa sormen eszenikoaren erakusleiho bilakatzen du.
Emozioz ekingo diogu Erriberriko Antzerki Jaialdiaren edizio berri honi eta zuen eserlekuetara hurbiltzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Rebeca Esnaola Bermejo
Kultura, Kirol eta Turismo sailburua