Aldaketaren helburua emanaldia ahalik eta baldintzarik onenetan garatzea da, Futboleko Munduko Txapelketako finalarekin bat egingo duelako.
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren barruan datorren igandean, uztailaren 19an, La Cava agertokian programatutako ‘Las gratitudes’ antzezlanaren emanaldia ordu erdi aurreratuko da. Horrela, ikuskizuna 21:30ean hasiko da, hasiera batean iragarritako 22:00etan beharrean.
Ordutegi-aldaketa hau Futboleko Munduko Txapelketako finalarekin bat etortzeak eragin du; final horretan Espainiako eta Argentinako selekzioak ariko dira aurrez aurre. Horrela, antzezlana partida amaitu baino lehen bukatuko da, emanaldia ahalik eta baldintzarik onenetan garatu ahal izateko.
Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak sustatutako jaialdiaren antolatzaileek erabaki dute antzezlana programazioan mantentzea; izan ere, haien ustez, “publikoa askotarikoa da, eta futboleko Munduko Txapelketaren azken sailkapena ezagutu aurretik programatutako antzezlan batez gozatzeko eskubidea du”.
‘Las gratitudes’ Producciones Teatrales Contemporáneas konpainiaren ekoizpena da, Delphine de Viganen eleberri arrakastatsuan oinarritua. Juan Carlos Fisherren zuzendaritzapean, eta Gloria Muñoz, Macarena Sanz eta Romulo Assereto protagonista dituela, lanak hitzak, zaintza, memoria eta berandu baino lehen eskerrak emateko beharra jartzen ditu erdigunean.